Info


«Hutsetik hasten da, ezerezetik.
Inork zapaldu gabeko elurretan
lehen pausoak ematen dituzunean bezalaxe.
Eta bizitza berri baten hasiera da hori.
»
– Arvo Pärt

«A soft hiss of this world» izeneko ikerlanak galera du aztergai, alderdik askotatik erreparatuta. Esate baterako, Antropozenoaren ondorioz hizkuntzan izandako galerak ikertzen ditu, ingurumenean modu naturalean gertatzen diren hainbat egoeraren eta prozesuren absentziaren bidez –esaterako, uraren, elurraren eta izotzaren egoera desberdinei erreparatuz–. Nabarmendu behar da finlandieraz berrogei termino* baino gehiago dituztela egoera horiei erreferentzia egiteko, eta, haiek paisaiatik desagertu izanaren ondorioz, galera hori hizkuntzan ere islatzen dela –kasu honetan, finlandieran–.

Ikerketa-proiektu honek termino horiek hartu zituen abiapuntu, Finlandiako paisaietan ehunka grabazio-ordu egiteko. Elurraren, izotzaren eta elur-maluten soinua dira ikerketa-proiektu honen abiapuntu eta soinu-materia. Hots horiek eskuratzeko eta elur-maluta batetik bestera izan litezkeen aldeak nabarmentzeko, mikrofono bereziak eta espezifikoak sortu ziren, grabaketa-prozesu hain zehatz eta delikatu honetarako.

Posible ote da ezinezkoa edo existitzen ez dena grabatzea? Hiru ezinezkotasun mota existitzen dira grabaketa bakoitzean: soinu-gertaera baten grabaketa bere existentzia-ezaren ondorioz, bere iraungipenaren bidez edo berez grabatzeko ezinezkotasunagatik. Presentzia bera da absentziarako aukeraren baldintza.

Jakin badakigu Artikoan planetako beste toki batzuetan ikus eta entzun ezin daitezkeenak ikusten eta entzuten dituztela. Baldintza atmosferiko bereziek eraginak dira fenomeno horiek, eta ingurumari horietako hainbat pertsonak distantzia izugarrietan gertatutako soinuak deskribatu dituzte, baita sekulako fintasuna ageri duten soinuak ere. Gure entzutean, zenbat jasotzen ote dugu paisaiatik?

1985ean, Joseph Scrimger ahalegindu zen euriak, kazkabarrak eta elurrak urpean ateratako hotsa kalkulatzen (Nature 318, 647). Scrimgerrek etengabeko eta ezusteko soinu bat topatu zuen elurteetan, baina ez zuen asmatu haren jatorria identifikatzen. Handik urte batzuetara, Washingtongo Unibertsitateko Lawrence Crum ikerlariak (Seattle, AEB), grabaketa horiek entzutean, zera iradoki zuen, etengabeko soinu hori mikrosoinu askotan eta askotan agertzen zela, eta elur-maluta bakoitzak uraren gainazala kolpatzeak sortua zela.

_

* Oharra: Hona hemen finlandierazko hainbat hitz, uraren, elurraren eta izotzaren egoerei erreferentzia egiten dietenak: sataa, lunta, lumi, pyry, myräkkä, rae, räntä, loska, tuisku, hyhmä, sohjo, ahtojää, kide, lumikide, jääkide, kohva, paanne, paannejää, railo, tykky, tykkylumi, iljanne, kaljama, hanki, huurre, härmä, kuura, kinos, lumikinos, nietos, nuoska, viti, vitilumi, polanne, avanto, jotos, rannio, latu, nirskua, narskua


 

Proiektu hau sortzeko lanetan laguntzaile izan dira Tabakalera, Kone Foundation, Etxepare, Espainiaren Suediako Enbaxada eta Stockholmeko EMS Elektronmusikstudion (Suedia) (2016).


Proiektuaren argazki-dokumentazioa.